XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arantzazu
Aitona baten berso berriak

Euskerea ta euskalerriko gauzarik jatorrenak, zintzoen-zintzoen, geure mendi goietako baserrietan bizi dirala esan bearrik ezdago.

Gauza eder oiek kalean iñoiz agiri ba'dira, arako esnedunakin jeisten diran baserritar txakurren antzera ikusten dira: lotsaren lotsaz eta lagun gaiztoen bildurrez, buztana anka tartean dutela eta errenka, gizajoak.

Kaletik gora aurkitzen da, ba, euskal bizikerea; aritz eta pagoz jantziriko basarte itzal gozodunetan geure asaba goragarrien lege garbia.

Eusko bizitzari, eusko gogoari dagokio bete-betean gure artean ain maitaro egiten dan abestitxo au:
Ikusten dezu goizean,
argia asten danean,
menditxo baten gañean
etxe txikitxo aitzin txuria,
lau aitz aundiren artean,
iturritxo bat aldean,
txakur txiki bat atean?
Antxe bizi naiz pakean.

Alaxe da; antxe bizi da eusko gogoa pakean, eta andik alde egiten ba'du, juan zan... Aizkorrin garoa jaiotzen danean eta Zegamako atsoak erderaz asten diranean, gureak egin du.

Eusko gogoa detanez, maite ditut euskal gauzak, ta beragatik euskal mendiak: pago-uso liraiñ begi beltzerana da nere maitea, ta ez bealdeko patiñetan dabilen antzar motrolloa.